Berdabiorenak (Martin Larralde ahaztu gabe)

Jarraitu irakurtzen

Kategoriak jurtzixabi | Etiketak , , , | Iruzkinak desaktibatuta daude Berdabiorenak (Martin Larralde ahaztu gabe) sarreran

Lapurre san, baia lapur honradue…

Hondartzetan noizik behin azaltzen diren baleen gorputz tzarrak nola, halaxe gero eta sarkorragoa da usteltzen ari den demokrazia mendebaldarraren kiratsa.

Denok dakigu Suitza eta Suedia direla Europako herrialderik pefektuenak, giza-eskubideen babesleku eta pausaleku, euren herritarrei sekulako bizi-maila eta bizi-kalitatea eskaintzen dizkieten paradisu txikiak… edo ez.

Ez dut Stieg Larsson-en trilogia irakurri, alferra naizenez liburutzarron arrastoan egindako filmekin konformatu naiz. Suedia ez dela beti izan paradisu hori bagenekien Bille August zinegilearen “Pelle the conqueror” film zoragarriari esker, baina Larsson-en liburuen adaptazioak bestelako ertzak erakutsi dizkigu. Adibidez, naziak suelto ibili zirela han, lasai asko, Olof Palme-ren jaioterrian, hain zuzen. Gero batzuk harritu dira hango esker muturreko gorakadaz!

Eta, naziak aipatuta, ez legoke gaizki gogora ekartzea kuku-erlojuaren herrialdeak nazien diru-kontuak babestu zituela 90. hamarkadara arte, gutxienez. Edo bestela esanda, milioika europar eraili lapurtutakoak ezkutatu zituela, ze klaro, bestela hango banketxeen isilpekotasun legendarioa kolokan geratuko zen, eta mundu osoko lapur berriagoek ez zuten jarraituko botin berriak han gordetzen…

Hortaz, ez da hain arraroa batak AEBen lan zikina egitea, eta besteak Assangeren kontuak di-da batean blokeatzea. Kontxo, naziekin biek ala biek eduki zuten begirunearen izpitxo bat gorde izan baliote sikiera australiar gizajoari!

Hori Suedian eta Suitzan gertatzen bada, zer ez dute egingo demokraziaren fotokopia narrats bat besterik ez daukan gure Espainia maite zoragarrian!

Beste Patakon bat beharko genuke, gutxienez. Hura ere lapurra zen, baia lapur onrradue.

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Lapurre san, baia lapur honradue… sarreran

Ezkor abertzale baten gogoetak

Oso interesgarria iruditzen zait gaurko Berrian Pako Aristik argitaratu duen Ezkor abertzale baten gogoetak.

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Ezkor abertzale baten gogoetak sarreran

Euskara, nafar jendearen berezko hizkuntza XV. mendean

Nonbait irakurri nion Koldo Mitxelenari euskararen gaineko aipu zahar guztiak bildu behar direla, nahiz eta xumeak edo itxuraz garrantzi gutxikoak izan uste baino garrantzitsuagoak gerta daitezkeelako, are gehiago Nafarroari baldin bagatzaizkio. Hona hemen, beraz, euskarari buruzko aipu bat, XV. mendekoa berau. Ez nuke esango guztiz ezezaguna denik, baina nik behintzat ez dut inon aipaturik ikusi.

Haren berri orain duela gutxi izan nuen, Michel Mollat du Jourdin historialari frantsesaren liburutto ederra irakurtzean: La guerre de Cents Ans vue par ceux qui l'ont vecue (Paris, Éditions du Seuil, 1992; Points Histoire bilduma, 164). 156. orrialdean, garai urrun haietan hizkuntzek zeukaten garrantzia iruzkintzen ari delarik, Mollat du Jourdin-ek Gilles Le Bouvier heraldoaren lekukotza dakar plazara, hark paristarrek Midi-ko hizkerak ulertzeko zeukaten zailtasuna azpimarratzen duelarik: "Or il ne s'agissait pas du basque, qui est una langue et dont Gilles Le Bouvier, en sa Description des pays, avait bien observé l'originalité".

Aiputxo horrek akuilaturik bibliografiara jo eta bertan liburu eder horren erreferentzia aurkitu nuen: Gilles Le Bouvier, dit le Héraut Berry: Le Livre de la Description des Pays, zeinaren bi edizio aipatzen diren: T.-H Hamy-rena (Paris, 1908), eta H. Courteault et L. Celier, paris, 1979.

Kontsultatu izan aha dudana aurrenekoa da, eta hauxe da deskripzio bibliografiko osoa: Le Livre de La Description des Pays de Gilles Le Bouvier, dit Berry… Paris, Ernest Leroux Éditeur, 1908. Edizioa apailatu zuena E.-T Hamy izan zen, goian esan bezala. Beherago aipatuko ditudan orrialde guztiak edizio honi dagozkio.

Le Bouvier Berry aldeko noblezia txikiko leinu baten baitan jaio zen 1386ean inguru, eta 1456. urtean hil, omen. Lanbidez heraldoa izan zen -hau da, gerraz alderdien arteko halako bitartekaritza egiten zuena, baita kontu geraldikoetan aditua- eta Frantziako Karlos VII.aren lehen "arma-errege" izatera iritsi zen. Aipatutako liburua 1440 inguru idatzi zuen, beti ere 1451a baino lehenago (urte hartan frantsesek ingelesei Baiona hartu zieten, hain zuzen). Frantziaren eta oro har Europako herri gehienen deskripzio bitxia egin zuen. 124. orrialdean "Espainien" deskripzioa hasten da. Inor ez dadila asalda, arren! Hemen Espainiak -prural eta guzti- zentzu geografikoan erabiltzen da, batik bat, nahiz eta frantsesen begietan Gaztela izena bereganatzen hasia zen:

"Orain Espainiez mintzatu nahi dizuet, eta hor diren jendeez. Espainietako erresuma, zeinari Gaztela ere esaten zaion, mugakidea da Nafarroarekin eta Frantziarekin, Akitaniako partetik. Ho badaude mendiak, Baiona hiritik Narbona hiriraino [Pirinioez ari da, noski]."

Gero Espainietan zortzi erresuma daudela diosku, zeinen artean Gaztela lehena den Frantziaren partetik:

"Aipaturiko Frantziako erresumaren ondoan Gaztela dago, zeina Baionatik lau legoara hasten den, Hondarribia ["Front Arabiez"!] izeneko tokian. Hor Bizkaia izeneko lurraldea hasten da. (…) Bizkaiko lurralde hau menditsua da oso, goian esan bezala. Itsas portu franko dago. Mendi hauetan oso gari gutxi biltzen da, eta oro har denetarik falta da, eta itsasoarengatik ez balitz oso lur txiroa izango litzateke. Itsas portu horietatik Flandres eta Frantziara burdina kantidadean daramate, baita "delete" eta "bastard" motako ardoak, oso ugariak baitira Espainietan. Eta Bizkaiko lurraldearen ondoren Asturias dago…"

Aurrerago Nafarroaren deskripzioa daukagu (131-132. or):

"Aragoiko erresumaren ondoan Nafarroako erresuma dago, berez erresuma txikia dena. Nolakoak diren nafar jendeen moldeak? Bada, jende arina dira, eta beti ere ingelesen aldekoak: ez dituzte gertutik ezagutu, noski! Erresuma honek lau bide-egun luze dauka, eta beste hainbeste zabal, hegoaldetik Aragoiko erresumak mugatzen du, sartaldetik Espainiak eta Bizkaiak eta Frantziak Akitaniako partetik, ekialdetik. Nafarroako erresuma honetan baso handiak daude, eta gari nahiz ardo ugari dauka. Hiri nagusia Iruñea da. Erresuma honetako jendeek berezko hizkuntza daukate, euskara izenekoa [ont langage à par eulx, qui s'appelle basque]".

Hortaz, XV. mendeko frantziar batek ikusita Nafarroa erresuma txikia zen… eta euskalduna.

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Euskara, nafar jendearen berezko hizkuntza XV. mendean sarreran

Chinua Achebe: Gainbehera dator dena

Orain euskaraz irakurri dudan azken liburua iruzkintzea tokatzen da: Chinua Achebe idazle nigeriarraren Gainbehera dator dena (Things Fall Apart, 1958), Alberto Martinez de la Cuadraren itzulpen bikainean (juzgatu ahal dudan neurrian, bederen, jatorrizkoa ez baitut irakurri).

Bikaina diot, zeren eta Martinez de la Cuadrak egindako itzulpenak euskaraz irakurtzen gozatzeko aukera eman dit, eta hori oso eskuarki oso ohikoa ez bada, are gutxiago itzulpenetan. Bejondeiola, beraz.

Achebek ibo herriko Umuofia klanaren gainbehera kontatzen digu, Okonkwo pertsonaia indartsua ardatz hartuta: istorioa 1860 aldean hasi eta 1890 inguru amaitzen da, hots, ingelesak eta haiek ekarritako kristautasuna azaldu arte (bide batez esanda, garai latzak izan ziren haiek Euskal Herrian ere).

Istorioan pertsonaien haria galtzen ez bada ere, ibotarren antzinako bizimoduaren ikuspegi polita eskaintzen digu Achebek; ez da, ordea, eleberri kostunbrista bat, non narrazioa ohitura zaharrak erakusteko aitzakia hutsa den. Achebek maisuki marrazturiko pertsonaiak haragizkoak dira, bizi-biziak.

Nostalgiarik badago, noski, baina ez idealizaziorik: Achebek ibotarren kultura zaharra erakustean ez ditu alderdi ilunenak ezkutatzen, hala nola emakumeen menpekotasuna eta batez ere gizonezkoek haiek jotzeko zeukaten eskubide osoa. Gauza bertsua esan genezake kultura zaharraren eta kristautasunaren arteko talka deskribatzen digunean (Acheben gurasoak kristau ebangelista sutsuak omen ziren).

Acheberen lezioa hauxe da, hain zuen, Afrikako herriek euren kultura zeukatela gizon zuriak azaldu orduko, ez hobea, ez txarragoa, baina bai beren-beregia, eta zeuek, hain zuzen, kultura hori hein handi baten suntsitu zenuten (Achebek ingelesa adierazpide nagusi hartzea oso esanguratsua da, nori zuzentzen zitzaion ebakitzeko orduan), eta hori gutxi izan balitz, inoiz ulertu ez dituzuen kontuez aritzeko ausardia izan duzue gero.

Halaxe, liburuaren amaiera arranguratsua kontatu ondoren, halaxe bukatzen du:

"Idazteko asmoak zuen liburuan azpimarratuko zuen kontu hori [Komisario zuriak]. Epaitegira zihoan bitartean, liburu horretan pentsatu zuen. Egun guztiek ematen zioten gai berriren bat (…) Ia artikulu oso bat idatz zitekeen hari buruz. beharbada kapitulu oso bat ez, baina tamaina ederreko paragrafo bat, zalantzarik. Beste hainbat gai baziren sartzeko, eta zorrotza izan beharra zegoen xehetasunak baztertzen. Hautatua zuen liburuaren izenburua, asko pentsatu ondoren: Niger behereko tribu primitiboen baketzea."

Chinua Achebe, Gainbehera dator dena. Alfonso Martinez de la Cuadraren itzulpena. Alberdania eta Elkar, 2007.

 

Kategoriak jurtzixabi | 2 erantzun

Xipri Arbelbide: Requiem

Gaur Errege-eguna delarik, hots, kontsumismo eroak gorena jotzen dueneko egun horietako bat (Hegoaldean, behintzat), ez da ideia txarra Xipri Arbelbide baxenafartarraren azken liburuttoa aipatzea.  Requiem du izenburu, eta Elkar argitaletxeak Iparluma bilduma berrian bigarren ale atera du.

Eta horixe da, hain zuzen, Xipriren liburua: gure mundu zoro honen requiem-a. Ez nago ados esandako guztiekin (musikari dagozkionak, batik bat, baina horiek bazterreko kontua dira) baina barrenak uzkaili dizkidala ezin uka: ez preseski ezagutzen ez nituen gaitzak aditzeagatik, baizik eta banekien hori hain modu gordinean esateagatik. Liburua bukatu orduko oraindik albiste ez ziren hainbeste gertakarik (krisi ekonomikoa, Gazako txikizioa…) lagundu diote irakurketari, gainera.

Lehen atalean ("Duela mende erdi bat") bere haurtzaro-gaztaroko Heleta ekartzen digu gogora, hau da, XX. mendean sartuta bete-betean egon arrean CO2-rik apenas isurtzen zuen mundu galdu hura. Esango nuke oroitzapen horietan ez dagoela batere oroiminik: Xipri ez zaigu temporis acti laudator gisa azaltzen, konstatazio hutsa egiten digu. Manex Vignau armendariztarraren gisako jendea egon dela esaten digu: gizon hura XX. mendearen hastapenetan txundituta gertatu zen lehen beribila ikusita ("So egizaxu antxetan, bidean! Karrosa bat zaldirik gabe juhan duxu!"), baina gizakia Ilargia zapaltzen ikustera iritsi zen.

Hurrengo ataletan gure zibilizazio zoroaren gaitzak plazara ateratzen dizkigu, mingainean bilorik gabe atera ere, nola aurrerabide edo aitzinamenduaren izenean bizi garen mundu hau txikitzen ari garen, halako moldez non desagertutako hainbeste zibilizazio ez bezala gureak ez baitu segidarik izango. Eta etorkizuna oso beltz ikusten digu Xiprik: atzera egiteko gure ekonomia, bizimodua eta politikagintza aldatu beharko genituzke, baina ez gaude prest halakorik egiteko, nahiz eta han-hemen makillajezko hainbat konponbide ezarri.

Bidean -halaxe ulertarazten nahi digu, nik uste- euskara-eta galduko dira, gutxiegi garelako, salduegi gaudelako, baina gogorra izanda ere galera horiek hutsaren pareko dira, tinka larrian dagoena gure mundua delako.

"Aurrera doan herria" eta gisa horretako babokeriak saltzen dizkigutenek ulertzen ez duten -ezta ulertu nahi ere!- mezua dakarkigu Xiprik, hortaz.

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Xipri Arbelbide: Requiem sarreran

Pier Paul Berzaitz: Arnaud d’Oihénart, Poèmes de jeunesse

Elkar disketxeak euskal musikagintzarentzako udazken mingots honetan nobedade dexente ekarri dizkigu Durangokoa dagoeneko begien alkantzuan daukagula; batzuk Durangerriko hiriburura joan gabe geratuko bagara ere, parada hobea nobedade horietako politenenetako bat patxadaz iruzkintzeko.

Halatan, Pier Paul Berzaitz euskal musikan oso ohikoa ez den lan batekin: Arnaud Oihenart zuberotarraren olerkiak musikatuak: Arnaud d'Oihénart (1592-1667), Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008).

Erdal izenburua gorabehera (Oihenarten liburutik beretik omen dator: Lazarragak ere erdarazko izenburuak jarri zizkion bere euskarazko olerkiei) diskoaren barrenak ezin euskaldunagoak dira. Izan ere, idazle eta historiagile zuberotarraren nondik norakoen berri ematen duen sarrera euskaraz dago, frantsesez nahiz gaztelaniazko laburpen banak lagundurik; olerkien hitzak ere euskaraz daude, ortografia gaurkoturik ulermena errazte aldera, baina ez dira itzuli: erdaldunak frantsesez edo gaztelaniazko laburpentxoarekin konformatu behar. Bide batez esanda: guk bide horri askoz egokiago deritzogu % 50eko ezein elebitasuni baino.

XVII. mendeko olerkari bat musikatzerakoan interpretazio historizista bide erraza izango zen, agian, eta Berzaitzek halakorik saihestu du, hain juxtu ere, interpretazio pertsonalago baten alde egin baitu, baita bete-betean asmatu ere, guk uste. Hainbatetan doinu herrikoiez baliatu da, baina folklorismoari beti ere itzuri eginez. Guztira 16 kanta bildu ditu, nahiz eta azkena –Ezkontidearen hil-kexua ospetsua- errezitatu egiten duen, Joël Merah-en musikaren laguntzaz.

Musika-heziketa eskasa daukagunok intuizioarekin fida behar, nonbait, horregatik ederrenak iruditu zaizkigun kantak nabarmenduko ditugu. Maitenaren gal-kexua lazgarria oso gauza ederra iruditu zaigu; hala ere, maitasunean dena sumina ez da izango, eta Xuria daritzanari delakoak pendant ederra egiten dio. Hala eta guztiz ere, gehien hunkitu gaituena -disko bikain honek baitu hunkidurarik- Joanaren betheginzarrea izan da: mauletarraren hitzak aspaldiko garai batetik heltzen zaizkigu, fonografo zahar batetik atereak balira bezala.

Ikuskizun dago, dena dela, ea muskildiarrak egingo dion Oihernarti Valverdek Lauaxetari egin zion mesede berbera, erudizioaren ifernutik libratzea, alegia. Bide batez esanda, bi olerkariek gauza askotan antz handia daukate.

Lazarraga azaldu arte euskal literaturaren lehen idazle laikoa omen zen Oineharti denetarik egotzi zaio, izan ere. Haren perfekzio edo betegintzarre formala aitortu bazaio ere, zailtasuna eta, batez ere, sentimendu-falta nabarmendu izan dira.

Bigarrenari buruz, halako kritikei sasi-erromantizismoaren txatxukeria dariela esan behar da: dirudienez, oraindik ere askotxok uste du amodio-poesia ona ontzeko maitemindurik egon behar dela. Berzaitzek, ordea, hitz zahar horietan zetzan poesia ederki atera die.

Lehenaz den bezainbatean, nabarmen egiten da Berzaitz bere herrikidearen hitzen musikaltasun apartaz ohartu dela. halatan, diskoa entzutean Mitxelenaren hitzak berretsi egiten dira, errenteriarra hemen sartu ez den olerki bati buruz ari bada ere 8Zalgiz euskal poetaren omenezko hamalaukoa):

"Hamalauko hau lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, miraz gelditu nintzen, txundituta, ezertaz ere jabetu gabe, ahuntz-erdara harrigarriren batean ote zegoelako beldurrez. Norbaiti horixe gertatu bide zaio entzutean. Hala balitz, eske bat egingo nioke holako horri: behin eta berriro irakurtzeko. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argi dela eta ahuntz-erdara zelakoa euskara garbi-garbia."

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Pier Paul Berzaitz: Arnaud d’Oihénart, Poèmes de jeunesse sarreran

Mikel Laboa hil zaigu

Gaizki hasi dugu aste berria.

Betiko topikoak bota gabe, agian onena izango da norberari zer eman zion gogoratzea.

A ereduko biktima izanik, orain duela hainbat urte "pro patria" euskaldundu nintzen, baina euskara ikasi ahala jende askori esker euskaltzaletu ere egin nintzen, eta haien artean Mikel Laboak toki garrantzitsua izan zuen.

Nire ustez Laboa kantautorea izan zen hitzaren zentzurik onenean: haren musika hein handi batean hitzari lotuta egon da, hitzak joko hutsa zirenean ere bai, edo hitzek hitz izateari uzten ziotenean… Laboak inor gutxik bezala sentimendua atera zien gure poeten hitzei. Bere egin zituen, eta horri esker euskaldun guztiok ere geureganatu genituen. Askotan jendeak "A, bai, hori Laboaren kanta da…", nahiz eta besrez kanta Zuberoako, Baxenafarroako anonimo bat edo Arestiren zerbait izan.

Izan ere, berari esker, Bedabioko jaunaren edo Bereterretxen patu  tristearen berri izan genuen, eta Iturengo arotzaren kontura barre egin genuen. Beste batzuetan, aldiz, gure garaiko poetak ziren Laboak musikatu zituenak: Brecht, Aresti, Artze, Xalbador, Atxaga, Sarri…

Pasternak errusiarrak zioen herriak bere poetak maite ohi dituela, eta bere poetak maite ez dituen herria galduta dagoela. Eta horixe da niri eman zidan opari politena: gure poetak -edo gure hitzak- maitatzera eraman ninduela. Eta beste asko ere bai, nik uste.

Orain duela urte batzuk bera ezagutzeko parada izan nuen. Lankide baten ezkontzako osaba zen, eta lankide horrek, lagun batzuk Baztan aldean ibiltzekoak ginela gaztigatuta, ikusten baldin bagenuen haren partez eskumuinak emateko enkargua eman zigun, aspaldiko partez ez baitzuen ikusi.

Laboa kasualitatez Arizkungo plazan ikusi genuen. Berarengana uzkur hurbildu baginen ere -euskal kulturako "handieneteko" bat zen!- oso gizon maitagarria eta apala zela ikasi genuen laster. Trago batera gonbidatu gintuen eta berak galdetu zigun geure nondik norakoei buruz: ea zer ikasten genuen, zer irakurri… Bazeukan hunkitu ninduen zerbait, halako hauskortasun bat.

Adiorik ez, Mikel, eta orduko hartan hik erran higun bezala, sarri artio!

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude Mikel Laboa hil zaigu sarreran

AITAREN ZAZPIGARRENA LEHEN, EDO ZERTAZ ARI GAREN VELEIAZ ARI GARENEAN

2006an Iruña-Veleia hiri zaharrean egindako aurkikuntzak –edo haren filtrazioak- hautsak harrotu zituen: Araba, aitaren zazpigarren alaba, “lehen alaba” bihurtzeko bidean zegoen. Susmo txarrak aurki azaleratu ziren, eta egunotan oraindik su eta gar dirauen eskandalua lehertu da. Ez gara gu ausartuko ostraken egiazkotasuna –beno, zerbait fisiko direnez gero egiazkoak badira: kontua bestelakoa da, ea noizkoak diren- epaitzera, batez ere ez baikara halakorik egiteko gauza. Hala eta guztiz ere, aurkikuntza miresgarria –eta ondokoak- inguratu dituen betiko aurre-iritzien manipulazio galanta salatzekoa delakoan gaude. Eta hor zerikusia handia izan du Araban asko saltzen den egunkari batek, euskara inoiz maiteegi izan ez badu ere azken boladan gerra-edo deklaratu diona.

Ostrakak azaldu zirenean jende askok eta askok bere harridura erakutsi zuen: euskara egiten zela, noiz eta orain duela mila eta zazpiehun (edo seiehun… , berdin dio), non eta Arabako hiri erromatar zaharrean. Geroago, askotxorentzat idazkunen faltsutasuna honezkero gauza jakina (eta desiratua?) delarik, zera gogorarazi digute, Arabako euskaltasuna ez dagoela frogatuta Kristoren ondorengo VIII. mendea baino lehen. Aldi berean, euskararen galera oso gauza goiztiarra izan zela xuxurlatzen digute belarrira. Ondorioa: euskara gauza iragankorra, pisurik gabekoa, udaberriko elurtea bezalakoa izan da Araban, non betidanik hizkuntza zeltikoren bat (edo “indoeuropearra”, besterik gabe), edo latina, edo gaztelania mintzatua izan den.

Berez, idazkunak “egiazkoak” izatera, gauza harrigarri bakarra norbaitek latinaz ez beste hizkuntza batez idatzi izana izango litzateke: izan ere, Mendebaldeko Inperio Erromatarrean latinaz ez beste hizkuntzen idatzizko erabilera poliki-poliki iraungiz joan zen K.a. I. Mendearen eta K.o. II.aren artean: etruskera eta Italiako beste hizkuntza indoeuropearrak, mezzogiornoko eta Siziliako greziera barne, galoa, iberiera, zeltiberiera… Beste hizkuntza asko, berriz, ez ziren inoiz idatziak izan, hala nola gure euskara, orduan gaur baino zabalkunde askoz handiagoa zeukana Pirinioan zehar. Inoiz idatziak ez zirela esatean, ez dagoela berezko testurik ulertu behar da, zeren eta latinezko inskripzio askotan euskararekin erraz asko erlazionatu diren hitzak azaltzen baitira, vasco-aquitánicas direlako inskripzioak, hain zuzen ere. Haietako oso gutxi aurkitu dira Euskal Herri historikoan, nahiz eta bat gutxienez –Selatse izeneko jainkosari eskainia berau- Araban bertan azaldu zen.

Hala eta guztiz ere, hizkuntza haietako askok luzaz iraun zuten: euskara berriro ez aipatzeagatik, esan dezagun, adibidez, jakin badakigula nola K.o. IV. mendearen azkenaldian, Veleia edo Pompaelo edo, zer esanik ez, Oiasso baino askoz hiri erromanizatuagoa zen Barcino hiriko aldirietan nekazariek euren hizkuntza zaharra –seguru aski, laietanoen hizkera iberiar bat- gordetzen zuten, baita hizkuntza hori ez zela guztiz ezezaguna kalean bizi ziren andre nobleen artean. Hori Bartzelonan gertatzen bazen, ordurako itxuraz Erroma bezain erromatarra zen hiri batean, alegia, ez litzateke batere harrigarria antzeko zerbait gertatzea gure Iruñetako batean.

Hortaz, gauza harrigarri bakarra norbaitek seguraski nekazari gehienen hizkuntza eta noble togadun dexenteren hizkera zen hura idatziz erabili izana. Ez ahaztu, bestalde, ailegatu zaizkigun idazkun ia bakarrak (Veleiako aurkikuntzak arte, behintzat) harriz landutako inskripzioak direla, gauza publikoa eta agerikoa zirenak, ezta ia XX. mendera arte Euskal Herri gehienean (salbuespen ia bakarrak Ipar Euskal Herrikoak dira) idazkun publiko gehientsuenak (hilobiak, monumentuen eskaintzak…) erdaraz idatziak izan direla. Eta XX. mendean ere bai, noski.

Veleiako idazkunak gabe, egia da Arabako euskaltasuna frogatzea ia gauza ezinezkoa dela ia IX. edo X. Mendera arte. Baina egia da, baita ere, gauza bertsua gertatzen dela Euskal Herri historiko ia osoari dagokionez. Euskararen beraren lehen aipu esplizitua IX. mendekoa da, eta Nafarroako Iruñari dagokio. Ondoren, X. mendetik aurrera batez ere, latin makarronikoz izkiriaturiko agiriek oso material aberatsa (pertsona eta toki izenak) eskaintzen digute: dokumentazio aberatsena hein hain handi batean Arabari zein Errioxa eta Burgosko hainbat eskualderi dagokie, Gipuzkoa eta Bizkaia artean erdi ilunpean ageri zaizkigula. Agiri horien artean famatuena Reja de san Millán delakoa da, 1025 urtekoa, gutxi gorabehera. Ikusten denez, Veleiako idazkunik gabe ere, Arabak lehen alabaren tituluari eutsi diezaioke.

Gaur egun ere askotxok garai batean On Claudio Sánchez Albornoz-ek defendatu zuen teoria absurduaren bertsio leundua defendatzen segitzen dute: probintzia baskongadoak (nahiz eta horrela hirurei bakarrik inor gutxik deitu dien ia XX. mendera arte) vaskonizatuak –hots, euskaldunduak- izen zirela Erromako Inperioa suntsitu eta hurrengo mendeetan, alegia. Aukeran, aurren hori Julio Caro Barojaren hipotesiarekin ere nahasten dute pixka bat: Euskal Herriaren hegoaldeko lurralde eguzkitsuak, Arabako ordoki zabalak eta Nafarroaren erdialdea (hots, erromatarren ager vasconum, gutxi gorabehera) sakonki erromanizatuak izan zirela, iparraldeko lurralde basatia
k (Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroaren Mendialdea…, erromatarren saltus vasconum) bere hartan geratzen zirela, euskara, txapela, txalaparta eta guzti, omen. Geroago, Inperioa desagertzean, gure arbasoek “giputxen inperialismoa” avant la lettre asmatu eta saltus delakotik Araba nahiz Nafarroa gehiena (bir)euskaldundu zuten. Azken horrek seguru aski egiaren zati handi bat gordetzen badu ere, azken urteetan ikertzaile frankok azpimarratu egin du gauzak agian ez zirela hain sinpleak izan. Erromaren bizimodu goxoa eramatea eta bertako hizkuntza zaharra gordetzea ez ziren uste bezain bateraezinak –gogoratu Barcinoko kasua- , eta saltus delakoa, antzinako euskaldunen baso ia mitikoa, lehen uste zen baino askoz erromanizatuago zegoen. Hipotesi ekonomikoagoa da, behintzat, Antzinatetik Erdi Arora euskararen halako iraupen bat suposatzea: Ockam-en labana ez da hainbeste kamustu behar, gero!

Kontua Araban euskara ikusezin bihurtzea da, baina. Eta inoiz euskaraz egin zela onartzen bada ere, gauza iragankorra izan zela esango dizute suelto asko, ez dagoela frogaturik oso berandu arte Araban euskararik egin denik, gainera hain ahula zen non “berahala” galdu baitzen, etab. Gaur egun Arabako euskarari buruz dakigunak alderantzizkoa iradokitzen du, ordea: hor aritu dira aspaldiko partez Mitxelena, Apraiz, Endrike Knörr zena eta, berrikiago, Zuazo ere. Azkenak, bide batez, garai batean Araba aldeko euskarak euskalkien mapa egituratzerakoan izan ahal zukeen garrantzia azpimarratu du, argudio linguistiko sendoak erabilita: litekeena da euskarari dagokionez bazter-eremutzat jo izan dena erdigunea izan izana. Aspaldi ez dela, Lazarragaren liburuaren gaineko liburuan Pruden Gartziak ere Arabako euskararen gaineko “isil-ituna” salatu du.

Arabako euskaltasun indartsua, alta, oso deigarria izan zen bertatik pasa ziren bidaiari zaharrentzat. Halatan, Arnold Von Harff zaldun alemaniarrak honelaxe deskribatzen digu Done Jakuetiko itzulera Araban barrena 1499an:

“Item, Galarretatik San Adrianera legoa bat dago (…). Hemen lurralde espainiarra eta haren hizkuntza (Hyspanien lant ind spraich) bukatu eta euskal lurraldea eta hizkuntza (Pascayen lant ind spraich) hasten dira. Hemen gizonezkoen zein andrazkoen janzkera ere bestelakoa da, eta legoak luzeagoak, lehen esan nuen bezala…”.

Mende laurden geroago Andrea Navagero idazle eta diplomatiko veneziarrak honela deskribatzen digu Gasteiz (1528):

“Gasteizen gaztelaniaz hitz egiten da, baina euskara ere ulertzen dute, eta herrixketan gehienak euskaraz mintzatzen dira”.

Pasarte hori ia-ia kontsakratua izan da, askotxoren ustez Gasteizeko erdalduntze goiztiarra frogatu bailezake, hirian euskara ezezaguna ez zela esan arren. Horregatik hain zuzen, Araban euskara arrotza delako, eta zer esanik ez Gasteizen,  oso gutxik aintzat hartu dute beste italiar baten testigantza, Giovanni Battista Venturino-rena (1572), hain zuzen, agian Gasteiz euskaldunegi bat erakusten duelako:

 “Gasteiz Bizkaiko hiriburuetako bat da [ez ahaztu “Vizcaya” esaten ziotela Euskal herriari gaztelauek]. Azpimarratzekoa da herri xehea euskaraz [“Biscaino o Bascongado, come dicono” dio italiarrak] mintzatzen dela; nobleek, ordea, gaztelania garbiz egiten dute”.

Bai Navagero (goi mailako enbaxadore bat, ez ahaztu), bai Venturino, biak erromantzeaz baliatuko ziren nobleekin hitz egiteko, baina horrek ez du esan nahi nobleek euskaraz ez zekitenik, Lazarragak ederki frogatzen digunez. Orduko hamaika agirik erakusten dutenez, herri xehearen zati handi euskaldun hutsa zen: orduko terminologian, “vascongado”, hau da, ez hainbeste “euskalduna, euskaraz dakiena”, baizik eta “euskaraz baino ez dakiena”. Nobleak eta oro har goi mailako jendea elebiduna izaten ziren gehienetan, eta nobleen artean gizonezkoak batez ere, ze orduko andre noble edo urenek gehiago eutsi ohi zioten euskarari.

Zenbait interes politikoz haraindian, badira Arabaren euskaldungoaren ikusezintasuna areagotu duten bestelako faktoreak, noski. Eusk
aldunon imaginarioa batez ere azken bi mendeetan hezurmamitu da, eta imaginario horren arabera euskaldun arketipikoa Peru Abarka izan da, hots, isuri atlantiarreko baserritarra, adoratua (Mogelen Peru Abarca berau, Txomin Agirreren Garoa…) bezain iraindua (arlotadak, Txomin del Regato tankerako kantak…) izan dena. Edo, nahi bada, Peruren kostaldeko lehengusua: arrantzalea. Baina azken bi mende hauetan Araba erdi erdaldundua edo erdalduntzeko bidea egon denez, ez da sartu imaginario horretan ergoienetako jendea (“Erri txikiai onela Araban deitzen diete”: Kardaberaz, 1761; ez ahaztu Kardaberazek bazekiela zertaz ari zen, Araban barrena dexente predikatu baitzuen… euskaraz).

Bitartean, oso agerikoak diren arrazoiengatik, ikerketa askori dagokienez Nafarroak lehoiaren zatia harrapatu du: Erresuma zaharrean euskararen galera ia herriz herri eta hamarkadaz hamarkada irudikatu ahal badugu ere, ez da gauza bera gertatzen Araban, han euskara jende askok uste baino beranduago galdu bazen ere: oraindik gogoratzen dut gasteiztar leinuko bilbotar baten harridura (berriro ere) Arabako lautadaren zati handi bat XVIII. mendearen bukaeran artean euskalduna zela esan nionean, edo Trebiñu aldean euskaraz egiten zela Napoleonen gerren garaian: ia iraindua sentitu zen, eta modu kategorikoan zera zidan, XVI edo XVII. menderako, beranduenez, erromantzea jau eta alkate zela Araban barrena. Izan ere, Araban, ordea, euskara ixilka-mixilka joan zitzaigun, inolako Sociedad Eúscara-rik sorrarazi gabe.

Hala ere, eta erromatarren garaia arte joan behar izan gabe, harriren batek ezusteko polita eman diezaguke. Eztabaidatxo hori orain duela hainbat urte Gaubean barrena egindako txango batean izan genuen. Gesaltza-Añana bisitatzen ari ginela lagun hura benetan harrituta geratu zen etxe erdo erori batean leinu arabar zahar baten armarria erakutsi nionean: orla batean leinuaren lelo zaharra artean irakurtzekoa zen nahiz eta erdizka ezabaturik egon: avRera beti bere.

Araban noizbait euskaraz egin zela jakiteak ez luke harridurarik eragin behar, beraz.

Kategoriak jurtzixabi | Erantzuna 1

“Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan”, 2007ko Mikel Zarate Saria

Laket zaizkit antigualeko izkribuak

(Hurrutirean boluara dator ura)

gure mintzairako lehen poeten gauzak

(Hurrutirean boluara dator ura)

ez haien esanahia ulertzen dudalako

baizik eta batez ere

zeresana iragan menderen edozein kantoitan

galdu zutelako.

(J. Sarrionandia) 

Egunotan aurtengo Mikel Zarate Sarirako aukeraturiko saioa ibili dut esku artean: Julen Arriolabengoaren Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan. Testu zaharren ediziorako kontribuzioa (Euskaltzaindia-BBK Fundazioa, 2008).

Egia esan, eta lanaren meritua zalantzan jarri gabe, sari honekin saiakeraren mugak aski zabalak direla ulertu behar dugu, zeren Arriolabengoren liburuak historia-filologia ikerketatik saio literariotik baino askoz gehiago baitauka.

Gaur gutxik ezagutuko badute ere, Ibarguen-Cachopin kronika (berez, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína zuen izena) mito bilakatzera iritsi zen garai bateko euskalaritzaren barruan, batez ere Leloren Kanta edo Kantabriarren Kanta apokrifo ospetsua jaso zuelako, Humboldtengandik aurrera sona handikoa berau.

Izan ere, Cachopin kantabriarrak eta Juan Iñiguez de Ibarguen bizkaitarrak XVI. mendea amaitzera zihoanean idatzitako kronika honek euskararen gaineko nahiz euskarazko aipu dexente biltzen ditu, eta horixe da, hain zuzen, Arriolabengoak plazaratu eta batik bat zabaldu nahi izan duena.

Zabaldu, diot, ze hemen jasotako testuetako batzuk 1996ko artikulu batean argitaratu baitzituen Arriolabengoak berak: "Erdi Aroko kanta ezezagunak Ibarguen-Cachopin kronikan (1570-1620)", ASJU, 30-1 (1996), 71-98 or. Hor azaldu zen lehendabiziko aldiz Arriolabengoak egindako irakurketaren harribitxi preziatuena: Errodrigo Zaratekoaren eresia, hain zuzen.

Eta erudizio-artikulua aipatu dudanez, esan dezadan, bide batez, saio honi aurkitu diodan akats nabarmenena hauxe dela, zabalkuntza-lanaren eta erudizio-lanaren arteko mugak nahiko lausoturik daudela. Euskal filologoek eta oro har erudituek ICKren euskal aipu guztiak bilduta eta sailkatuta edukitzea eskertuko dute, baina aipu horien lagun datozen ohar eta iruzkinek ez dituzte  guztiz asetuko. Euskal filologoa izan gabe ere antzinako kontu hauetan interesaturik egon litekeen irakurle arruntak, berriz, ez du erraz ulertuko aipatutako kantua, edo Andramendiko Agiriak, eta pena da, testu zahar horiek baitute interesik, eta ederrik (badakit "batez-besteko irakurle arrunta" entelekia dela, baina tira…). Kantu zaharren gaur egungo euskaraz emandako itzulpen edo parafrasi bat oso laguntza handikoa izango zen irakurleria zabalarentzat.

Bestalde, batzuetan ematen du euskarari dagokionez kritika testualaren arte noblea Mitxelenarekin batera joan zela beste mundura. Ez da gauza bera XVI. mendeko euskal testu bat eta gaztelaniazko beste bat argitaratzea, bi hizkuntzoi buruz daukagun jakite maila eta testuen corpusa arras bestelakoak baitira, baina -eta Mitxelena parafraseatzen dut- transkripzio paleografiko hutsa (errenteriarrak faksimilea zioen: berdin dio) ez da inoiz egongo edizio kritiko on baten ordez. Adibidez, 102. orrialdean hala irakurtzen dugu (Errodrigo Zaratekoaren Eresia da):

E[rrodrigo] Çarateco, selan engana sindean

jaun Juane Abendañocogas gudua arçen sanean.

(Gaurko euskaraz: "Errodrigo Zarateko, zelan engainatu zinen / Jaun juane Abendañokogaz gudua hartzen zenean")

Esaldia traketsa da, inondik inora. Gure ustez, bada hor egin beharreko oso zuzenketa erraza: 87. orrialdean, adibidez, ganboar batek Gomez Gontzalez Butroikoaren alarguntsari emandako erantzunean, [ç]erren çeuren Jauna ezçencan enpara esaldia daukagu (ezçencan ordez ezçençan irakurri beharko genuke, Mitxelenak iradoki bezala). Hala izanik, beste eresian kopistak edo kanta ahotik paperera pasarazi zuenak hitzak gaizki ebaki eta jaun Juane Abendañocogas gudua ar çençanean, aoristo arkaikoarekin (hots, "jaun Juane Abendañokogaz gudua hartu zenuenean"), eman behar zukeen.

Baina, irakurle arruntaren entelekiarenganantz itzulita, seguru aski interesgarrien aurkituko dituen atalak Sarrera, non kronikaren eta haren egileen berri ematen den, eta 1. kapitulua ("Hizkuntzari Buruzko Ideiak") izango dira. Agian laburregiak dira, eta hori nahiko bitxia da liburua atera den bildumaren tankera aintzakotzat harturik, zeren "saio" hitzari hobekien egokitzen zaizkionak baitira.

Egia esan, kronikaren egileek (egile nagusia Cachopin izan zela badirudi ere) euskarari buruzko oso ohar interesgarriak dakarzkigu: euskararen status juridikoa, edo status eza, hobeto esateko, hika moldearen erabilera, bizkaieraren hizkerak eta mugak (Bilboko eta Barakaldoko euskararen berri ematen digute), emakumeen rola ohitura zaharrei eusteko ("e las mugeres guardaban con más cuidado y firmeça esto que los honbres", 83. or.) eta, hau oso deigarria egin zait, euskararen galerari buruzko kezka:

…antes de mucho tiempo no habrá bascuençe, hábito ni costumbre naturales ni propias, salbo agenas y estrañas, si no se acuerdan con tiempo a lo remediar, como a interesados les importa y ba mucho en ello… (32-32 or.)

…y según ba esto tan corruto, en brebes años será Vizcaya los mesmo que es Castilla. (42. or.)

Nik dakidala, euskararen heriotza iragartzen duten lehendabiziko aipuak dira. Ez ahaztu, bestalde, ICK idatzia zen kontestua nahasi samarra zela: XVI. mendeko azken hamarkadetan Gortetik hainbat saio egin ziren euskal lurraldeen, baita batez ere Bizkaia eta Gipuzkoaren eite berezia zalantzan jartzeko. Hori dela-eta, Bizkaiko Batzar Orokorrek Ibarguen eskribauari kronika idazteko agindua eman zioten, gero argitaratu gabe geratu bazen ere. Izpiritu berberari jarraiki, nik uste, urte batzuk geroago, 1609an, Batzar Orokorrek beraiek Francisco Mendietari gaur egun Gernikako Juntetxean dagoen margolan ospetsua egiteko agindu zioten (zoritxarrez, altuegi zintzilikaturik dago ezer ere ondo ikusi ahal izateko), Fernando Katolikoaren zina irudikatzen duena. Hor azaltzen diren emakumeen habito bitxiek nahiz euskarazko azalpenak egiazkotasun bizkaitarraren kutsua ematen diote koadroari. Eta hori aintzakotzat hartu behar da beti ICK, baita garaiko euskararen apologisten lan gehientsuenak ere, kanporako idatzitako lanak direla, gaztelauei euskaldunen berezko kaparetasuna eta antzinatasuna erakustekoak.

Ondoren datozen atalek liburuaren azpitituluari ohore egiten diote, zeren ICK-ko euskal material guztiak komentaturik eta sailkaturik azaltzen baitira (sailkapen kontuengatik, batzuek behin baino gehiagotan azaltzen dira): Leloren Kantua/Kantabriarren Kantua, Eresiak eta Kantuak, Andramendiko Eskriturak, Esaerak, Esaldiak, Hiztegiñoak, Testu barneko euskal hitzak, Pertsona izenak eta goitizenak eta azkenik Etimologiak. Segidan, azken kapituluan, testuotatik ateratzen den euskara analizatzen du Arriolabengoak, "Bizkaiera Zaharreko" beste testuekin lotuz (Garibai eta beste kronisten baitan azaltzen diren eresiak eta esaera zaharrak, 1596ko Refranes y sentencias bilduma, Lazarraga, etab.). Hortaz, eta goian adierazitako akatsak gorabehera, euskara zaharraren corpus aski interesgarria bilduta daukagu.

Corpus honen garrantzi linguistikoaz gain, bi gauza nabarmen azaltzen zaizkigu, biak el
karrekin estuki lotuak: alde batetik, Behe Erdi Aroan zer-nolako garrantzia zeukan euskarak nobleziaren baitan. ICKren arabera, euskara ez zen batere hizkuntza arrotza ahaide nagusien ezpainetan: euren armarria apaintzeko erabili ohi zuten… baita erronka egiteko, euren aldekoak adoretzeko batailetan eta, jakina, aurkakoak iraintzeko. Hil ondoren ere, eresiek beraien oroimena gordeko zuten. Eta hori azpimarratu behar da, oraindik ere gure arteko askotxok uste baitute euskara beti baserritarren hizkera izan dela, edo Bilbon ez dela sekula euskararik egin, eta zer esanik ez Barakaldon. Labur esanda, Euskal Herrian "Erdi Aroaren Udazkena" hein handi batean euskaraz gauzatu zen.

Bestalde, ahaide nagusien ondorengoak, kronika hauek idatzi zituztenak, erdaldunago azaltzen bazaizkigu ere (edo "burgesago", mende t'erdi lehenagoko amama-aitite basatiekin alderatzen baditugu), beren diskurtso politiko-historikoan euskarari toki garrantzitsu bat eman zioten, nahiz eta hein handi batean euskara iraganeko gauza bat balitz bezala erakusten diguten, edo hobeto esateko, iraganekiko lokarri gisa, hemen beti izan garela eta noble izan garela adierazten zuen zerbait, alegia. Eta handik euskararen arkeologizaziorako urrats labur bat baino ez dago.

Bukatzeko, eta barka biezat Arriolabengoa jaunak, esanak esan asko gozatu bainaiz bere lanarekin, baina badaude zenbait akats liburuaren distira zertxobait iluntzen dutenak, nire ustez presari egotzi ahal zaizkionak: testuan aipatzen den iturriren bat gero ez da bibliografian azaltzen, orrien zenbaketa osoa gaizki dago -beraz, aurkibidea ezin da apenas erabili- eta ortografia akatsen bat ere ikusten da hor nonbait. Uste dut Euskaltzaindiaren babespean argitaratzen den liburu bat arreta handixeagoz editatu behar dela.

Kategoriak jurtzixabi | Iruzkinak desaktibatuta daude “Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan”, 2007ko Mikel Zarate Saria sarreran