LAUAXETAREN AZKEN (ERDAL) POEMAZ

Beste askori bezala, neuri ere bitxia gertatu zait betidanik Errepublikaren garaiko gure poeta garaienetako batek bere azken borondateak erdaraz idatzi izana. Apika hala egin zuen testu horien destinatzaileek euskaraz ez jakiteagatik (edota euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez zeukatelako, berdin dio), edo besterik gabe atxilo egonik ezin zuelako bestela jokatu. Jakina denez, Gasteizko karmeldarren komentu-espetxean idazten zituen gauzak –Agur Euzkadi, Ene Josu Maite zirraragarria etab.- margo baten atzetik ezkutatzen zituen. Dena den, ezin uka hori euskal letretako kondaira bihurtu dela. Hain zuzen ere, Lauaxetaren azken idazkiez labur baina taxuz aritu da Inazio Mujika Iraola (“Agur Euzkadi / Azken Oihua (Sakon bitan nabil)”, in Lauaxeta: Idazleek idazleari omenaldia, 75-80; bestalde, hor aipatzen duen artikulua, Hegats-en argitaratua, ezin izan dut irakurri, eta ez dakit norainoko erlazioa daukan hemen jorratzen ari naizenarekin). Ramon Saizarbitoriak, aldiz, bere Hamaika pausu eleberrian hiltzera kondenatuta dagoen Daniel Zabalegi irudikatzen du, fusilamenduaren bezperan bere azken borondateak euskaraz adierazi nahian, baina ezin, euskalduna izanagatik ere euskaraz idazten ohituta ez dagoelako, eta Lauaxetarekin espresuki erkatzen du.

 

Izan ere, kondaira hori Lauaxetaren gaineko beste kondaira batekin nahastuta dagoelakoan nago: gure poeta erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen zelako kondairarekin, hain zuzen ere. Euskaldun berria ere bazela esatera iritsi da bat baino gehiago. Bada, Mitxelenaz ere gauza bera esan zen: “ez daukat hainbesteko meriturik” erantzun zien maltzurrei.

 

Estepan Urkiagaren bizitzaren azken gaueko idazkiak nork eta Bernardo Atxagak aurkitu eta argitaratu zituen (“Lauaxetaren azken eskribuak”, Anaitasuna, 1977-06-01). Askoz geroago, eta oker ez banago ez fikzio-ukiturik gabe, aurkikuntzaren berri zabalagoa eman du goian aipatutako omenaldizko liburuan (“Gibel solas: Hegazkin alemanak”, 165-180).

 

Testuon artean badago gaur egun Lauaxetaren Opera omnia­ direlakoen (kazetaritza lanak salbu) edizio guztietan aurkitzen den erdal poema famatua:

 

J.M. – J.T.

Yo llevo entre mi espíritu encendida

la hermosa luz del entusiasmo ardiente;

amo la libertad más que la vida

y no nací para doblar la frente,

Por eso estoy aquí de altivo y fuerte,

tu fallo espero con serena calma,

porque si puedes decretar mi suerte,

nunca podrás envilecerme el alma.

Hiere, yo tengo en la prisión impía

la honradez de mi nombre por consuelo.

¿Qué me importa no ver la luz del día

si tengo en mi conciencia la luz del Cielo?

¿Qué importa que entre muros y cerrojos

la luz del sol, la libertad me veles,

si ven celeste claridad mis ojos?

                     * * *

¿Si hay algo en mí más fuerte que tu yugo,

algo que sabe despreciar tus iras

y que no puede sujetar, verdugo,

el terror que a los débiles inspiras?

Hiere. Bajo tu látigo implacable,

débil acaso ante el dolor impío,

podrá flaquear el cuerpo despreciable,

pero jamás el pensamiento mío…

Más fuerte se alzará, más arrogante

mostrará el golpe del dolor sus galas;

el pensamiento es águila triunfante

cuando sacude el huracán sus alas.

No me importa… tu furia es omnipotente,

víctima del placer, sueño de un día

Si todos ante ti doblan la frente,

YO SIENTO ORGULLO DE LEVANTAR LA MIA.

VIVA JESUS

 

Olerki ederra, inondik inora, nahiz eta kutsu erretoriko bat eduki (bestalde, kutsu hori haren erdal olerki guztietan oso nabarmena da: heziketa kontua, nonbait). Eta seguru aski are ederragoa arrazoi estraliterario hutsengatik: irakurtzen dugun bitartean, Estepan bera imajinatzen dugu, azken gauean, tiranoaren aurrean burua harro altxatuz (kontraste ezin handiagoa, hori bai, azken uneko beste paperei darien etsipen kristauarekin).

Bide batez, zer esan nahi dute goiko laburdura haiek: Jesus Maria, ote? Eta J.T.?

 

Kontua da orain duela hilabete batzuk eta nahiko era kasualean zera aurkitu nuen, olerkiaren egilea Lauaxeta ez baina Ismael Cerna olerkari guatemaltarra (1856-1901) izan zela. Bestalde poeta hori nahiko ezezaguna da. Gainera, poemak destinatzaile konkretu bat zeukan, Justo Rufino Barrios diktadorea, alegia.

 

Cernaren olerkia Lauaxetaren paperen artean aurkitua omen zena baino askoz luzeagoa da: 26 ahapaldi dauzka, zeinetarik Lauaxetarenak 5.a eta 12ak artekoak baitira. Poema honen eta Cernaren beraren nondik norakoen berri luzeagoa honako URL honetan eduki dezakezue:

 

http://www.literaturaguatemalteca.org/Cerna.html

 

Hor aipatzen den iturri bibliografikoa, Francisco Morales Santos irakaslearen Los nombres que nos nombran: panoramama de la poesía guatemalteca, de 1782 a 1982 (Guatemala, Tip. Nacional, 1983) ezin izan dut Madrilen aurkitu, baina datua ziurtatzea erraza izango delakoan nago.

 

Hortaz, euskal letretako kondaira korapilagotzen zaigu: bada, Lauaxetak bere azken poema erdaraz idatzi izana askorentzat eskandaluzko harria izan bada, orain “plagioa” besterik ez da, harrapa ezak…

 

Baina, Lauaxetak berak idatzi zuen, benetan? Aurkikuntzaren berri eman nion adiskide batek adierazi zidanez, eta gauzak ondo pentsatu eta gero, ez da oso sinesgarria Lauaxetak ez beste inork bere azken orduak hain olerki borobila ondu izana. Tira, Kornelio Tazitoren aipu bat gaizki ulertuz bada Petroniok ere Satirikon osoa bere azken gauean idatzi zuela pentsatu duen filologorik…

 

Bestalde, goian esan bezala Inazio Mujikaren artikulua ezin izan dut irakurri, baina izenburua ikusita nago haren kezkabidea eta nirea ildo beretik doazela: Lauaxetaren azken poemak oso gaizki editaturik daude. Hasteko, nola iritsi dira gugana? Egia al da Estepanen kartzelerue hain ona eta errukiorra zelako istorioa? Zergatik da hain desberdina azken poema horien ortografia, gaurkoturik baleude bezala? Gainera, olerki horiek irakurtzean neuk behintzat crux filologica-ren bat ezarriko nuke pasarte bat baino gehiagotan, ailegatu zaigun testua ulergaitza delako (eta ulergaitza diodanean, ez naiz Lauaxetaren balizko ulergaiztasunaz ari).

 

Ni baino jakintsuagoak direnek (zinez, ez da zaila ni baino jakintsuagoa izatea!) jakingo dute ikerketa nondik eta nora abiatu, baina oraingo
z hiru hipotesi plazaratuko ditut, eta esan dezadan hiruretan sentsazionalismo oro saihesten saiatu naizela:

 

1.- Lauaxetak Cernaren olerkia nonbait aurkitu eta bere paperen artean kopiatuta zeukan, edo buruz ikasi zuen eta espetxean zegoela gogoratzen zituen ahapaldiak idatzi zituen. Gero fusilatutakoan berea zela pentsatuko zuen norbaitek.

 

2.- Aurrenekoaren bariantea: azken borondate gisa azken gauean benetan idatzi zuen, berea balitz bezala, edo besterik gabe erabili zuen, nola gaztetxo batek bere maiteari besteren amodio-olerki bat bidaltzen dion, hala Estepanek ere… Egia da azken borondate gisa guztiz kontradiktorioa izango litzatekeela gau itzel hartan idatzitako beste gauzekin, baina gogo bikoitz hori espetxeko olerkietan oso nabari da: alde batetik, Agur Euzkadi-n etsipen kristaua, bestetik Azken Oihua-ren hats epikoa…

 

3-. Lauaxetak ez dauka zerikusirik Cernaren poemarekin. Orduan, Lauaxeta hildakoan norbaitek tartekatuko zuen espetxeko beste paperen artean. Badakizue, se non è vero…

 

Aitortu beharra daukat, halaber, norbait horren nortasunaren gainean laugarren hipotesi bat ere ondu zuela ene izpiritu maltzurrak Cernarekin topo egin nuenean, batez ere Lauaxetaren azken izkribuak NORK aurkitu zituen eta nor horrek plagio-kontuak zenbat maite dituen kontuan hartuta, baina nonbait (Anasgastiren blogean, uste dut) Lauaxetaren azken poemaren destinatzaileetako bat izan zen Julio Pagaldairen alabak paper horiek maitasunez gordetzen dituela irakurri dut, hortaz hipotesi maltzurra okerra delakoan nago.

 

Bukatzeko, hala espero dut, aurkikuntza txiki hau plazaratu izana inork gaizkitzat har ez dezan, eta are gutxiago Estepanen izen ona zikindu nahian nabilela uste dezan. Eta olerki bat lapurtu badiot ere (haren olerki guztien edizio kritiko on bat egiten denean “Yo llevo entre mi espíritu…” famatua kenduko delakoan nago), agian bat baino gehiago ere oparitu beharko zaio. Pista txiki bat: nor zen Gerra garaian Eguna eta beste aldizkari batzuetan propagandazko bertso ezin sabinianoagoak bizkaieraz idatzi zituen Utarre hori?

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.