LAUAXETAREN OLERKI EZEZAGUN BATZUK?

Joseba Tapiaren Agur Intxorta maite diskoan badira "Laban Daukagun opille" izeneko hurrengo koplak:

Estuntza txarrik ezautu bada
sekula Euskal Errian
oraintxe gagoz estu benetan
itsaso bien erdian,
kanpotik daukuz arerijuak
baita etxe barrenian
geuri burua austeko gertu
usterik gitxienian,
augatik gagoz sarri ixillik
itz eiñ biar geunkenian

Batzuentzako miñ andia da
gure gauzak ikustia
itxura danez gure gauzona
eurentzako da kaltia
noizik beiñ jaurti arrikada bat
ta eskuak gordetia
erakusten dau dabiliena
guzurre eta nastia,
usterik bako egunen baten
agertuko da gustia.

Soiñ asko dagoz lutoz jantziak,
begi askotan negarra,
baña ez aztu Larrazabalgo
aita Sabinen diadarra.
Seme leialok gertuak gagoz
zaintzeko gure Ama Zarra,
alperrik dagoz Alemania,
Portugal eta Italiarra,
geu il ezian ez da galduko
Euskalerriko indarra

Gora euskotar abertzaliak
gudari ta eusko langille
iñor ez dua geu ez bagara
gutzat gauzonaren bille.
Begiak argi, adiña garbi
mingaiña ixil-ixille,
garaian gagoz erakusteko
zein dan eiztari abille:
zutik guztiok iñork jan barik
laban daukagun opille.

Diskoan bertan esaten denez, 1937ko otsailean argitaratuak izan ziren. Egilearen izenari dagokionez, akrostiko baten bidez sinatu zuen: UTARRE. Diskako luruxkan ondi dioenez, U'tar. E. bat daukagu. Nor ote? Berehala izen bat datorkigu burura: Urkiaga'tar Estepan, hain zuzen. Gainera, argi dago koplen egilea jeltzalea zela (…baña ez aztu Larrazabalgo / aita Sabinen diadarra). Ez zaigu non atera zen esaten, baina Euzkadi-n edo argitaratu zutelakoan nago.

Armiarman, Euskal prentsaren Lanak atalean arakatuta, Utarre delako baten 18 sarrera aurkitu ditugu. Haietako 16 Donostiako El día egunkarian beste hainbeste artikulu argitaratu zituen kazetari bati dagozkio. Gipuzkeraz daude, eta Oiartzun inguruko kronikak dira. Izengoiti horren atzean ezkutatzen zena nor ere zelarik ere, hura ere jeltzalea zen eta Lauaxetak berak ongitxo ezagutzen zuen, zeren bere prentsa-lanetan behin baino gehiagotan aipatzen baitu, laudorioz aipatu ere.

Gero beste bi sarrera dauzkagu: bi bertso, hain zuzen ere, eta biak Eguna egunkarian plazaratuak. Bata 1937ko urtarrilaren 14an atera zen, eta Bermeo-tik izena du; besta, aldiz, hilaren 28koa da eta Neure adizkide "Basarri-ri" izenekoa dugu. Hemen irakur ditzakezue. Biak ala biak bizkaieraz daude, eta Laban daukagun opille tankerakoak.

Agian, koplok Lauaxetari egozteko zailtasun nagusia zein den, berak Utarre izengotia besterena zela bazekiela. Estiloa ere Lauaxetaren beste lanetatik urrun samar dago, baina kontuan hartu behar da propagandazkoak direla, Euzkadik bizi zuen egoera gorriari aurre egiteko asmatuak.

Dena dela, auzia hor dago irekita…

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.