Hungariera eta euskara

Lasai zaudete: ez naiz saiatuko hungarieraren eta euskararen arteko inolako ahaidegorik dagoenik frogatzen… Gainera, ahaidego hori Larry Trask zenak aspaldian zegoeneko frogatu zuen, hungarieraz fitsik jakin gabe, aspertuta omen zegoen arratsalde batez.

Ahaidegorik ez, baina antzekotasunik bai, ordea. Aspaldi ez dela Sándor Márai idazle hungariarraren ¡Tierra, tierra! (hungarieraz: Föld, Föld!…) liburu ederra irakurtzean idazlea hungarieraz eta oro har hungarierazko kulturaz aritzen den oso pasarte ederrak aurkitu nituen. Eta maiz euskararen egoera gogorarazten zidaten: ez hainbeste hizkuntza bakoitzaren egoera soziolinguistikoa (hungarierak sendo dirau gaur egun ere Hungarian, galdutako bste lurraldeetan kolokan badago, batez ere Errumaniako Trantsilvanian), baizik eta kultura europarraren aurreko jarrerari dagokionez. Baita hizkuntzarebganako atxikimendua, noski, kulturan hizkuntzaren beraren auziak daukan rol garrantzitsua.

Liburua espainieraz Salamandra argitaletxeak atera zuen, 2006an.

Autobiografikoa da, bide batez esanda, eta bere sorterrian emandako azken hiru urteen kontakizuna egiten du: Armada Sobietarra 1944/45ko negu ikaragarrian Hungarian sartu zenetik idazleak 1948ko udan betiko erbesteratza erabaki bitartekoak, hain zuzen. handik aurrera, Máraik hungariera aberri bakar izango zuen, eta horrek gure poeta bat ekartzen dit gogora.

Hona hemen pasarte haietako bat, nik euskarara aldaturik (aipatutako edizioaren 140-142. orrialdeei dagokie):

 

Nire ustez, idazle europarren artean hungariarrak irakurle arretatsuenak izan dira. Hungarian irakurketa oso eginkizun pisutsua izan da idazleentzat, idazketa bera baino are pisutsuagoa, izan, hungariera ez baitzegoen artean kontzientzia literarioaren geruzetan hain finkaturik, nola dauden alemanera, italiera edota frantsesa. Hizkuntza hauek, aldiz, euren hizkuntza periferikoetatik –germaniarra izan, latindarra izan, eslaviarra izan…- elikatu izan dira. Baina hungariera ez da inon gordea izan: mila urtetan zehar bere hitzak bildu behar izan ditu, ele mailegatuak eskuratuz, nahiz eta maiz arrotzak izan, hizkuntzaren izpirituarekiko zerikusirik gabekoak… Poeta hungariarrak, bere kontzientziaren geruza sakonenetan aitzurka aritzen zelarik, ez zuen askotan aurkitzen gertakizun berri bat deskribatzeko hitz edo esaera egokirik: hizkuntza lokarturik, lozorroan geratu balitz bezala, joan den mendearen txokoren batean.

Idazle hungariarrek premiazko egiteko garrantzitsu bat erabakitzeko daukan pertsona baten irrika, jakin-min eta zekentasunez irakurri ohi zuten, XX. mendean ere bai: mila urteko bakardadeak, isiltasunak eta itoaldiak ekarritako hutsuneen ordaina aurkitu behar zuten; izan ere, hitz gutxi zeuzkaten euren buruari sekretu handia –hungariartasun eta kulturaren gainekoa- kontatzeko… Kulturari dagozkion terminoak beste herri eta hizkuntza garrantzitsuagoentzat borborka ateratzen ziren terminoak ziren, termino garaikideak, nahasten zirenak, elkarlaneko prozesuetan elkarrekin batzen zirenak. Baina hungarierak hitzik gabe zirauen. Shakespearek hogeita hamar mila hitz erabili zituela esan ohi da… Baina zenbat erabili zituzten Balassa, Pázmany edo Zrínyi-k? Horregatik, garai guztietako idazleek (…) kontrabandozko hitzak inportatzen zituzten hain mirrin eta anemikoa zen hungarierarentzat, hitz arrotz bakoitza makillatzen saiatzen zirelarik, oharkabean pasa zedin, edo politagoa egiteko… Hori guztia ez zen nahikoa, ordea. Hungariera, hain ederra, hain bakartia berau, babestu, garbitu eta lantzeaz gain, beste hizkuntza batzuen gaiekin bete ere egin behar zelako (mundu osoan, hungarieraren ahaide bakarra finlandiera da, baina ahaidego hori ezpal fino-ugriarrean adituek beste ez du inork ulertzen). Hungarierari bitamina-dosi eder bat eman behar zitzaion, Europan mila urtez egon izanagatik ere beste hizkuntzetatik jasotzen zuen elikaduraren beharra baitzeukan artean. Idazle txekiar bat idazten ari zela esaeraren bat premia larria zeukala ohartzen baldin bazen, auzo hizkuntzetara jotzen zuen, errusiera, poloniera, edo beste hizkera eslaviar batera, hain zuzen,  eta behar zuen gauza oro berehalakoan hor aurkitu ohi zuen. Hungarierak, ordea, norengana jo zezakeen? Bada, idazle hungariarrak izpirituaren metabolismo ahul hura irakurriz elikatzen ahalegindu izan dira.

 

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.