“Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan”, 2007ko Mikel Zarate Saria

Laket zaizkit antigualeko izkribuak

(Hurrutirean boluara dator ura)

gure mintzairako lehen poeten gauzak

(Hurrutirean boluara dator ura)

ez haien esanahia ulertzen dudalako

baizik eta batez ere

zeresana iragan menderen edozein kantoitan

galdu zutelako.

(J. Sarrionandia) 

Egunotan aurtengo Mikel Zarate Sarirako aukeraturiko saioa ibili dut esku artean: Julen Arriolabengoaren Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan. Testu zaharren ediziorako kontribuzioa (Euskaltzaindia-BBK Fundazioa, 2008).

Egia esan, eta lanaren meritua zalantzan jarri gabe, sari honekin saiakeraren mugak aski zabalak direla ulertu behar dugu, zeren Arriolabengoren liburuak historia-filologia ikerketatik saio literariotik baino askoz gehiago baitauka.

Gaur gutxik ezagutuko badute ere, Ibarguen-Cachopin kronika (berez, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína zuen izena) mito bilakatzera iritsi zen garai bateko euskalaritzaren barruan, batez ere Leloren Kanta edo Kantabriarren Kanta apokrifo ospetsua jaso zuelako, Humboldtengandik aurrera sona handikoa berau.

Izan ere, Cachopin kantabriarrak eta Juan Iñiguez de Ibarguen bizkaitarrak XVI. mendea amaitzera zihoanean idatzitako kronika honek euskararen gaineko nahiz euskarazko aipu dexente biltzen ditu, eta horixe da, hain zuzen, Arriolabengoak plazaratu eta batik bat zabaldu nahi izan duena.

Zabaldu, diot, ze hemen jasotako testuetako batzuk 1996ko artikulu batean argitaratu baitzituen Arriolabengoak berak: "Erdi Aroko kanta ezezagunak Ibarguen-Cachopin kronikan (1570-1620)", ASJU, 30-1 (1996), 71-98 or. Hor azaldu zen lehendabiziko aldiz Arriolabengoak egindako irakurketaren harribitxi preziatuena: Errodrigo Zaratekoaren eresia, hain zuzen.

Eta erudizio-artikulua aipatu dudanez, esan dezadan, bide batez, saio honi aurkitu diodan akats nabarmenena hauxe dela, zabalkuntza-lanaren eta erudizio-lanaren arteko mugak nahiko lausoturik daudela. Euskal filologoek eta oro har erudituek ICKren euskal aipu guztiak bilduta eta sailkatuta edukitzea eskertuko dute, baina aipu horien lagun datozen ohar eta iruzkinek ez dituzte  guztiz asetuko. Euskal filologoa izan gabe ere antzinako kontu hauetan interesaturik egon litekeen irakurle arruntak, berriz, ez du erraz ulertuko aipatutako kantua, edo Andramendiko Agiriak, eta pena da, testu zahar horiek baitute interesik, eta ederrik (badakit "batez-besteko irakurle arrunta" entelekia dela, baina tira…). Kantu zaharren gaur egungo euskaraz emandako itzulpen edo parafrasi bat oso laguntza handikoa izango zen irakurleria zabalarentzat.

Bestalde, batzuetan ematen du euskarari dagokionez kritika testualaren arte noblea Mitxelenarekin batera joan zela beste mundura. Ez da gauza bera XVI. mendeko euskal testu bat eta gaztelaniazko beste bat argitaratzea, bi hizkuntzoi buruz daukagun jakite maila eta testuen corpusa arras bestelakoak baitira, baina -eta Mitxelena parafraseatzen dut- transkripzio paleografiko hutsa (errenteriarrak faksimilea zioen: berdin dio) ez da inoiz egongo edizio kritiko on baten ordez. Adibidez, 102. orrialdean hala irakurtzen dugu (Errodrigo Zaratekoaren Eresia da):

E[rrodrigo] Çarateco, selan engana sindean

jaun Juane Abendañocogas gudua arçen sanean.

(Gaurko euskaraz: "Errodrigo Zarateko, zelan engainatu zinen / Jaun juane Abendañokogaz gudua hartzen zenean")

Esaldia traketsa da, inondik inora. Gure ustez, bada hor egin beharreko oso zuzenketa erraza: 87. orrialdean, adibidez, ganboar batek Gomez Gontzalez Butroikoaren alarguntsari emandako erantzunean, [ç]erren çeuren Jauna ezçencan enpara esaldia daukagu (ezçencan ordez ezçençan irakurri beharko genuke, Mitxelenak iradoki bezala). Hala izanik, beste eresian kopistak edo kanta ahotik paperera pasarazi zuenak hitzak gaizki ebaki eta jaun Juane Abendañocogas gudua ar çençanean, aoristo arkaikoarekin (hots, "jaun Juane Abendañokogaz gudua hartu zenuenean"), eman behar zukeen.

Baina, irakurle arruntaren entelekiarenganantz itzulita, seguru aski interesgarrien aurkituko dituen atalak Sarrera, non kronikaren eta haren egileen berri ematen den, eta 1. kapitulua ("Hizkuntzari Buruzko Ideiak") izango dira. Agian laburregiak dira, eta hori nahiko bitxia da liburua atera den bildumaren tankera aintzakotzat harturik, zeren "saio" hitzari hobekien egokitzen zaizkionak baitira.

Egia esan, kronikaren egileek (egile nagusia Cachopin izan zela badirudi ere) euskarari buruzko oso ohar interesgarriak dakarzkigu: euskararen status juridikoa, edo status eza, hobeto esateko, hika moldearen erabilera, bizkaieraren hizkerak eta mugak (Bilboko eta Barakaldoko euskararen berri ematen digute), emakumeen rola ohitura zaharrei eusteko ("e las mugeres guardaban con más cuidado y firmeça esto que los honbres", 83. or.) eta, hau oso deigarria egin zait, euskararen galerari buruzko kezka:

…antes de mucho tiempo no habrá bascuençe, hábito ni costumbre naturales ni propias, salbo agenas y estrañas, si no se acuerdan con tiempo a lo remediar, como a interesados les importa y ba mucho en ello… (32-32 or.)

…y según ba esto tan corruto, en brebes años será Vizcaya los mesmo que es Castilla. (42. or.)

Nik dakidala, euskararen heriotza iragartzen duten lehendabiziko aipuak dira. Ez ahaztu, bestalde, ICK idatzia zen kontestua nahasi samarra zela: XVI. mendeko azken hamarkadetan Gortetik hainbat saio egin ziren euskal lurraldeen, baita batez ere Bizkaia eta Gipuzkoaren eite berezia zalantzan jartzeko. Hori dela-eta, Bizkaiko Batzar Orokorrek Ibarguen eskribauari kronika idazteko agindua eman zioten, gero argitaratu gabe geratu bazen ere. Izpiritu berberari jarraiki, nik uste, urte batzuk geroago, 1609an, Batzar Orokorrek beraiek Francisco Mendietari gaur egun Gernikako Juntetxean dagoen margolan ospetsua egiteko agindu zioten (zoritxarrez, altuegi zintzilikaturik dago ezer ere ondo ikusi ahal izateko), Fernando Katolikoaren zina irudikatzen duena. Hor azaltzen diren emakumeen habito bitxiek nahiz euskarazko azalpenak egiazkotasun bizkaitarraren kutsua ematen diote koadroari. Eta hori aintzakotzat hartu behar da beti ICK, baita garaiko euskararen apologisten lan gehientsuenak ere, kanporako idatzitako lanak direla, gaztelauei euskaldunen berezko kaparetasuna eta antzinatasuna erakustekoak.

Ondoren datozen atalek liburuaren azpitituluari ohore egiten diote, zeren ICK-ko euskal material guztiak komentaturik eta sailkaturik azaltzen baitira (sailkapen kontuengatik, batzuek behin baino gehiagotan azaltzen dira): Leloren Kantua/Kantabriarren Kantua, Eresiak eta Kantuak, Andramendiko Eskriturak, Esaerak, Esaldiak, Hiztegiñoak, Testu barneko euskal hitzak, Pertsona izenak eta goitizenak eta azkenik Etimologiak. Segidan, azken kapituluan, testuotatik ateratzen den euskara analizatzen du Arriolabengoak, "Bizkaiera Zaharreko" beste testuekin lotuz (Garibai eta beste kronisten baitan azaltzen diren eresiak eta esaera zaharrak, 1596ko Refranes y sentencias bilduma, Lazarraga, etab.). Hortaz, eta goian adierazitako akatsak gorabehera, euskara zaharraren corpus aski interesgarria bilduta daukagu.

Corpus honen garrantzi linguistikoaz gain, bi gauza nabarmen azaltzen zaizkigu, biak el
karrekin estuki lotuak: alde batetik, Behe Erdi Aroan zer-nolako garrantzia zeukan euskarak nobleziaren baitan. ICKren arabera, euskara ez zen batere hizkuntza arrotza ahaide nagusien ezpainetan: euren armarria apaintzeko erabili ohi zuten… baita erronka egiteko, euren aldekoak adoretzeko batailetan eta, jakina, aurkakoak iraintzeko. Hil ondoren ere, eresiek beraien oroimena gordeko zuten. Eta hori azpimarratu behar da, oraindik ere gure arteko askotxok uste baitute euskara beti baserritarren hizkera izan dela, edo Bilbon ez dela sekula euskararik egin, eta zer esanik ez Barakaldon. Labur esanda, Euskal Herrian "Erdi Aroaren Udazkena" hein handi batean euskaraz gauzatu zen.

Bestalde, ahaide nagusien ondorengoak, kronika hauek idatzi zituztenak, erdaldunago azaltzen bazaizkigu ere (edo "burgesago", mende t'erdi lehenagoko amama-aitite basatiekin alderatzen baditugu), beren diskurtso politiko-historikoan euskarari toki garrantzitsu bat eman zioten, nahiz eta hein handi batean euskara iraganeko gauza bat balitz bezala erakusten diguten, edo hobeto esateko, iraganekiko lokarri gisa, hemen beti izan garela eta noble izan garela adierazten zuen zerbait, alegia. Eta handik euskararen arkeologizaziorako urrats labur bat baino ez dago.

Bukatzeko, eta barka biezat Arriolabengoa jaunak, esanak esan asko gozatu bainaiz bere lanarekin, baina badaude zenbait akats liburuaren distira zertxobait iluntzen dutenak, nire ustez presari egotzi ahal zaizkionak: testuan aipatzen den iturriren bat gero ez da bibliografian azaltzen, orrien zenbaketa osoa gaizki dago -beraz, aurkibidea ezin da apenas erabili- eta ortografia akatsen bat ere ikusten da hor nonbait. Uste dut Euskaltzaindiaren babespean argitaratzen den liburu bat arreta handixeagoz editatu behar dela.

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.