Mikel Laboa hil zaigu

Gaizki hasi dugu aste berria.

Betiko topikoak bota gabe, agian onena izango da norberari zer eman zion gogoratzea.

A ereduko biktima izanik, orain duela hainbat urte "pro patria" euskaldundu nintzen, baina euskara ikasi ahala jende askori esker euskaltzaletu ere egin nintzen, eta haien artean Mikel Laboak toki garrantzitsua izan zuen.

Nire ustez Laboa kantautorea izan zen hitzaren zentzurik onenean: haren musika hein handi batean hitzari lotuta egon da, hitzak joko hutsa zirenean ere bai, edo hitzek hitz izateari uzten ziotenean… Laboak inor gutxik bezala sentimendua atera zien gure poeten hitzei. Bere egin zituen, eta horri esker euskaldun guztiok ere geureganatu genituen. Askotan jendeak "A, bai, hori Laboaren kanta da…", nahiz eta besrez kanta Zuberoako, Baxenafarroako anonimo bat edo Arestiren zerbait izan.

Izan ere, berari esker, Bedabioko jaunaren edo Bereterretxen patu  tristearen berri izan genuen, eta Iturengo arotzaren kontura barre egin genuen. Beste batzuetan, aldiz, gure garaiko poetak ziren Laboak musikatu zituenak: Brecht, Aresti, Artze, Xalbador, Atxaga, Sarri…

Pasternak errusiarrak zioen herriak bere poetak maite ohi dituela, eta bere poetak maite ez dituen herria galduta dagoela. Eta horixe da niri eman zidan opari politena: gure poetak -edo gure hitzak- maitatzera eraman ninduela. Eta beste asko ere bai, nik uste.

Orain duela urte batzuk bera ezagutzeko parada izan nuen. Lankide baten ezkontzako osaba zen, eta lankide horrek, lagun batzuk Baztan aldean ibiltzekoak ginela gaztigatuta, ikusten baldin bagenuen haren partez eskumuinak emateko enkargua eman zigun, aspaldiko partez ez baitzuen ikusi.

Laboa kasualitatez Arizkungo plazan ikusi genuen. Berarengana uzkur hurbildu baginen ere -euskal kulturako "handieneteko" bat zen!- oso gizon maitagarria eta apala zela ikasi genuen laster. Trago batera gonbidatu gintuen eta berak galdetu zigun geure nondik norakoei buruz: ea zer ikasten genuen, zer irakurri… Bazeukan hunkitu ninduen zerbait, halako hauskortasun bat.

Adiorik ez, Mikel, eta orduko hartan hik erran higun bezala, sarri artio!

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.