Pier Paul Berzaitz: Arnaud d’Oihénart, Poèmes de jeunesse

Elkar disketxeak euskal musikagintzarentzako udazken mingots honetan nobedade dexente ekarri dizkigu Durangokoa dagoeneko begien alkantzuan daukagula; batzuk Durangerriko hiriburura joan gabe geratuko bagara ere, parada hobea nobedade horietako politenenetako bat patxadaz iruzkintzeko.

Halatan, Pier Paul Berzaitz euskal musikan oso ohikoa ez den lan batekin: Arnaud Oihenart zuberotarraren olerkiak musikatuak: Arnaud d'Oihénart (1592-1667), Poèmes de jeunesse (Elkar, 2008).

Erdal izenburua gorabehera (Oihenarten liburutik beretik omen dator: Lazarragak ere erdarazko izenburuak jarri zizkion bere euskarazko olerkiei) diskoaren barrenak ezin euskaldunagoak dira. Izan ere, idazle eta historiagile zuberotarraren nondik norakoen berri ematen duen sarrera euskaraz dago, frantsesez nahiz gaztelaniazko laburpen banak lagundurik; olerkien hitzak ere euskaraz daude, ortografia gaurkoturik ulermena errazte aldera, baina ez dira itzuli: erdaldunak frantsesez edo gaztelaniazko laburpentxoarekin konformatu behar. Bide batez esanda: guk bide horri askoz egokiago deritzogu % 50eko ezein elebitasuni baino.

XVII. mendeko olerkari bat musikatzerakoan interpretazio historizista bide erraza izango zen, agian, eta Berzaitzek halakorik saihestu du, hain juxtu ere, interpretazio pertsonalago baten alde egin baitu, baita bete-betean asmatu ere, guk uste. Hainbatetan doinu herrikoiez baliatu da, baina folklorismoari beti ere itzuri eginez. Guztira 16 kanta bildu ditu, nahiz eta azkena –Ezkontidearen hil-kexua ospetsua- errezitatu egiten duen, Joël Merah-en musikaren laguntzaz.

Musika-heziketa eskasa daukagunok intuizioarekin fida behar, nonbait, horregatik ederrenak iruditu zaizkigun kantak nabarmenduko ditugu. Maitenaren gal-kexua lazgarria oso gauza ederra iruditu zaigu; hala ere, maitasunean dena sumina ez da izango, eta Xuria daritzanari delakoak pendant ederra egiten dio. Hala eta guztiz ere, gehien hunkitu gaituena -disko bikain honek baitu hunkidurarik- Joanaren betheginzarrea izan da: mauletarraren hitzak aspaldiko garai batetik heltzen zaizkigu, fonografo zahar batetik atereak balira bezala.

Ikuskizun dago, dena dela, ea muskildiarrak egingo dion Oihernarti Valverdek Lauaxetari egin zion mesede berbera, erudizioaren ifernutik libratzea, alegia. Bide batez esanda, bi olerkariek gauza askotan antz handia daukate.

Lazarraga azaldu arte euskal literaturaren lehen idazle laikoa omen zen Oineharti denetarik egotzi zaio, izan ere. Haren perfekzio edo betegintzarre formala aitortu bazaio ere, zailtasuna eta, batez ere, sentimendu-falta nabarmendu izan dira.

Bigarrenari buruz, halako kritikei sasi-erromantizismoaren txatxukeria dariela esan behar da: dirudienez, oraindik ere askotxok uste du amodio-poesia ona ontzeko maitemindurik egon behar dela. Berzaitzek, ordea, hitz zahar horietan zetzan poesia ederki atera die.

Lehenaz den bezainbatean, nabarmen egiten da Berzaitz bere herrikidearen hitzen musikaltasun apartaz ohartu dela. halatan, diskoa entzutean Mitxelenaren hitzak berretsi egiten dira, errenteriarra hemen sartu ez den olerki bati buruz ari bada ere 8Zalgiz euskal poetaren omenezko hamalaukoa):

"Hamalauko hau lehenbiziko aldiz ikusi nuenean, miraz gelditu nintzen, txundituta, ezertaz ere jabetu gabe, ahuntz-erdara harrigarriren batean ote zegoelako beldurrez. Norbaiti horixe gertatu bide zaio entzutean. Hala balitz, eske bat egingo nioke holako horri: behin eta berriro irakurtzeko. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argi dela eta ahuntz-erdara zelakoa euskara garbi-garbia."

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.