Xipri Arbelbide: Requiem

Gaur Errege-eguna delarik, hots, kontsumismo eroak gorena jotzen dueneko egun horietako bat (Hegoaldean, behintzat), ez da ideia txarra Xipri Arbelbide baxenafartarraren azken liburuttoa aipatzea.  Requiem du izenburu, eta Elkar argitaletxeak Iparluma bilduma berrian bigarren ale atera du.

Eta horixe da, hain zuzen, Xipriren liburua: gure mundu zoro honen requiem-a. Ez nago ados esandako guztiekin (musikari dagozkionak, batik bat, baina horiek bazterreko kontua dira) baina barrenak uzkaili dizkidala ezin uka: ez preseski ezagutzen ez nituen gaitzak aditzeagatik, baizik eta banekien hori hain modu gordinean esateagatik. Liburua bukatu orduko oraindik albiste ez ziren hainbeste gertakarik (krisi ekonomikoa, Gazako txikizioa…) lagundu diote irakurketari, gainera.

Lehen atalean ("Duela mende erdi bat") bere haurtzaro-gaztaroko Heleta ekartzen digu gogora, hau da, XX. mendean sartuta bete-betean egon arrean CO2-rik apenas isurtzen zuen mundu galdu hura. Esango nuke oroitzapen horietan ez dagoela batere oroiminik: Xipri ez zaigu temporis acti laudator gisa azaltzen, konstatazio hutsa egiten digu. Manex Vignau armendariztarraren gisako jendea egon dela esaten digu: gizon hura XX. mendearen hastapenetan txundituta gertatu zen lehen beribila ikusita ("So egizaxu antxetan, bidean! Karrosa bat zaldirik gabe juhan duxu!"), baina gizakia Ilargia zapaltzen ikustera iritsi zen.

Hurrengo ataletan gure zibilizazio zoroaren gaitzak plazara ateratzen dizkigu, mingainean bilorik gabe atera ere, nola aurrerabide edo aitzinamenduaren izenean bizi garen mundu hau txikitzen ari garen, halako moldez non desagertutako hainbeste zibilizazio ez bezala gureak ez baitu segidarik izango. Eta etorkizuna oso beltz ikusten digu Xiprik: atzera egiteko gure ekonomia, bizimodua eta politikagintza aldatu beharko genituzke, baina ez gaude prest halakorik egiteko, nahiz eta han-hemen makillajezko hainbat konponbide ezarri.

Bidean -halaxe ulertarazten nahi digu, nik uste- euskara-eta galduko dira, gutxiegi garelako, salduegi gaudelako, baina gogorra izanda ere galera horiek hutsaren pareko dira, tinka larrian dagoena gure mundua delako.

"Aurrera doan herria" eta gisa horretako babokeriak saltzen dizkigutenek ulertzen ez duten -ezta ulertu nahi ere!- mezua dakarkigu Xiprik, hortaz.

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.