Chinua Achebe: Gainbehera dator dena

Orain euskaraz irakurri dudan azken liburua iruzkintzea tokatzen da: Chinua Achebe idazle nigeriarraren Gainbehera dator dena (Things Fall Apart, 1958), Alberto Martinez de la Cuadraren itzulpen bikainean (juzgatu ahal dudan neurrian, bederen, jatorrizkoa ez baitut irakurri).

Bikaina diot, zeren eta Martinez de la Cuadrak egindako itzulpenak euskaraz irakurtzen gozatzeko aukera eman dit, eta hori oso eskuarki oso ohikoa ez bada, are gutxiago itzulpenetan. Bejondeiola, beraz.

Achebek ibo herriko Umuofia klanaren gainbehera kontatzen digu, Okonkwo pertsonaia indartsua ardatz hartuta: istorioa 1860 aldean hasi eta 1890 inguru amaitzen da, hots, ingelesak eta haiek ekarritako kristautasuna azaldu arte (bide batez esanda, garai latzak izan ziren haiek Euskal Herrian ere).

Istorioan pertsonaien haria galtzen ez bada ere, ibotarren antzinako bizimoduaren ikuspegi polita eskaintzen digu Achebek; ez da, ordea, eleberri kostunbrista bat, non narrazioa ohitura zaharrak erakusteko aitzakia hutsa den. Achebek maisuki marrazturiko pertsonaiak haragizkoak dira, bizi-biziak.

Nostalgiarik badago, noski, baina ez idealizaziorik: Achebek ibotarren kultura zaharra erakustean ez ditu alderdi ilunenak ezkutatzen, hala nola emakumeen menpekotasuna eta batez ere gizonezkoek haiek jotzeko zeukaten eskubide osoa. Gauza bertsua esan genezake kultura zaharraren eta kristautasunaren arteko talka deskribatzen digunean (Acheben gurasoak kristau ebangelista sutsuak omen ziren).

Acheberen lezioa hauxe da, hain zuen, Afrikako herriek euren kultura zeukatela gizon zuriak azaldu orduko, ez hobea, ez txarragoa, baina bai beren-beregia, eta zeuek, hain zuzen, kultura hori hein handi baten suntsitu zenuten (Achebek ingelesa adierazpide nagusi hartzea oso esanguratsua da, nori zuzentzen zitzaion ebakitzeko orduan), eta hori gutxi izan balitz, inoiz ulertu ez dituzuen kontuez aritzeko ausardia izan duzue gero.

Halaxe, liburuaren amaiera arranguratsua kontatu ondoren, halaxe bukatzen du:

"Idazteko asmoak zuen liburuan azpimarratuko zuen kontu hori [Komisario zuriak]. Epaitegira zihoan bitartean, liburu horretan pentsatu zuen. Egun guztiek ematen zioten gai berriren bat (…) Ia artikulu oso bat idatz zitekeen hari buruz. beharbada kapitulu oso bat ez, baina tamaina ederreko paragrafo bat, zalantzarik. Beste hainbat gai baziren sartzeko, eta zorrotza izan beharra zegoen xehetasunak baztertzen. Hautatua zuen liburuaren izenburua, asko pentsatu ondoren: Niger behereko tribu primitiboen baketzea."

Chinua Achebe, Gainbehera dator dena. Alfonso Martinez de la Cuadraren itzulpena. Alberdania eta Elkar, 2007.

 

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.