Lapurre san, baia lapur honradue…

Hondartzetan noizik behin azaltzen diren baleen gorputz tzarrak nola, halaxe gero eta sarkorragoa da usteltzen ari den demokrazia mendebaldarraren kiratsa.

Denok dakigu Suitza eta Suedia direla Europako herrialderik pefektuenak, giza-eskubideen babesleku eta pausaleku, euren herritarrei sekulako bizi-maila eta bizi-kalitatea eskaintzen dizkieten paradisu txikiak… edo ez.

Ez dut Stieg Larsson-en trilogia irakurri, alferra naizenez liburutzarron arrastoan egindako filmekin konformatu naiz. Suedia ez dela beti izan paradisu hori bagenekien Bille August zinegilearen “Pelle the conqueror” film zoragarriari esker, baina Larsson-en liburuen adaptazioak bestelako ertzak erakutsi dizkigu. Adibidez, naziak suelto ibili zirela han, lasai asko, Olof Palme-ren jaioterrian, hain zuzen. Gero batzuk harritu dira hango esker muturreko gorakadaz!

Eta, naziak aipatuta, ez legoke gaizki gogora ekartzea kuku-erlojuaren herrialdeak nazien diru-kontuak babestu zituela 90. hamarkadara arte, gutxienez. Edo bestela esanda, milioika europar eraili lapurtutakoak ezkutatu zituela, ze klaro, bestela hango banketxeen isilpekotasun legendarioa kolokan geratuko zen, eta mundu osoko lapur berriagoek ez zuten jarraituko botin berriak han gordetzen…

Hortaz, ez da hain arraroa batak AEBen lan zikina egitea, eta besteak Assangeren kontuak di-da batean blokeatzea. Kontxo, naziekin biek ala biek eduki zuten begirunearen izpitxo bat gorde izan baliote sikiera australiar gizajoari!

Hori Suedian eta Suitzan gertatzen bada, zer ez dute egingo demokraziaren fotokopia narrats bat besterik ez daukan gure Espainia maite zoragarrian!

Beste Patakon bat beharko genuke, gutxienez. Hura ere lapurra zen, baia lapur onrradue.

Kategoria: jurtzixabi. Gorde lotura.